Irakaskuntzako Anaia Maristen Institutuko “Ibérica” Probintzia kanonikoak honako hau adierazten du:
I. San Martzelino Champagnatek, haur eta gazteak hezteak zuen garrantzi sozialaz jabeturik, 1817an Anaia Maristen edo Mariaren Anaiatxoen Institutua fundatu zuen, hezkuntzaren bidez ebanjelizatzeko helburu espezifikoarekin.
Espirituak inspiratuta, Martzelinok bere Anaiei eman zien misioa “Jesukristo ezagutaraztea eta maitaraztea” izan zen. Beste marista batzuekin batera, haur eta gazteak ebanjelizatzen eta hezten saiatzen gara, batez ere pobretuak, behartsuenak eta periferia geografiko eta existentzialetan bizi direnak.
Gure baitan daramagu bere pentsamendua: “Haurrak ondo hezteko, maitatu egin behar dira eta denak berdin maitatu”. Printzipio horren arabera, gure hezkuntza-estiloaren ezaugarri bereziak honako hauek dira: presentzia, sinpletasuna, familia-espiritua, lanarekiko maitasuna eta Maria ereduari jarraitzea, gure “Ama Ona” da eta. Jarrera eta balio hauek Ebanjelioa inkulturatzeko gure modu gisa hartzen ditugu
Orduz geroztik, asko dira Instituzioak sustatu dituen hezkuntza-obrak, fundazio helburuari erantzuna emanez, bere ildo pedagogikoak aurrerapen berrietara eta gertatu diren eraldatze sozialetara egokituz.
II. Gaur egun aldaketa sozial, politiko eta kulturalen garai batean bizi gara. Aldaketa horiek azkarrak eta etengabeak dira, eta hezkuntzaren arloan eragin argia dute. Munduko erronka berriek erantzun ausartak eta berritzaileak eskatzen dituzte hezkuntza eremutik.
Testuinguru soziopolitiko, eliz eta instituzional berriek eta legeriaren aldaketek gure hezkuntza-lanak etengabe eguneratzea eskatzen dute, eskakizun berrietara eta erronka aldakorretara egokitzeko.
Erronka horiei guztiei erantzuteak ekintza bateratuak eta koordinatuak burutzea eskatzen du, eta berekin dakar egiturak, hezkuntza-obrak eta kudeaketa- eta animazio-moduak berrantolatzea.
III. Maristen Ibérica Probintziak pertsona ororen duintasuna Jainkoak maite duen gizaki gisa onartzera daramaten prozesuak sortzen dituen hezkuntza batean sinesten du, kontzientzia kritikoa, elkartasuna, ekologia integrala, justizia sozialarekiko konpromisoa eta bizitzaren zaintza pizten dituena.
Konbentzimendu horretatik abiatuta, Ibérica Probintziak “Maristak Euskadi Fundazioa” animatu eta eratu nahi du bere Estatutuetan adierazten den helburu hezitzailearekin. Helburu hori Ebanjelioaren eta Eliza katolikoaren arabera garatuko da, San Martzelino Champagnaten karismari jarraituz.
“Maristak Euskadi Fundazioaren” gobernu-, ordezkaritza-, administrazio-, zuzendaritza- eta kudeaketa-organoek bere Estatutuetan ezarritako helburuak lortzen direla zainduko dute, eta helburu horiek lortzeko beharrezkoak diren jarduerak zehaztuko dituzte.
IV. Ibérica Probintzia maristak pertsonaren hezkuntza integrala du bere misioaren muinean. Hezkuntza maristak pertsonekiko errespetuan jartzen du arreta, haien egoera edozein dela ere, baita pertsonen arteko harremanen elkartze sakonean ere. Hurbiltasunetik eta presentziatik hezten dugu, ezaugarri horiek subjektuen eta gizarteen arteko hazkunde-eremutzat ulertuta, bizikidetza adeitsu eta baketsuaren oinarri gisa, Jainkoarekiko eta gizateriarekiko irekitasun bezala.
Urteak joan eta urteak etorri, Irakaskuntzako Anaia Maristen Institutuak komunio Elizaren bidea egiten jarraitzen du. Anaiak eta laikoak, "Familia marista" sentitzen direlarik, zeregina partekatzetik misioa partekatzera igaro dira, karisma maristan parte hartzeko nahiarekin. Laikoek eta anaiek parte hartzen dute hezkuntza-obren zuzendaritza eta kudeaketan, hezkuntza-agenteen, administrazio eta zerbitzuetako langileen etengabeko prestakuntzan, pastoraltzan eta ikastetxeen berrantolaketan, egungo erronketara egokitzeko.
Ibérica Probintzia maristaren nahia da erantzukidetasunean haztea eta bere ikastetxeen hezkuntza-misioari jarraipena ematea. Fundazioa da desio horiek babesteko eta indartzeko esparru juridikoa.
Laikoen eta Anaien arteko inplikazioak, Fundazioaren helburu ebanjelizatzailea bermatzeko konpromisoa eskatzen du guztion aldetik. Konpromiso hori oinarrizkoa eta beharrezkoa da orainean eta etorkizunean. Zentzu horretan, dizernimendua egiteko eta erabakiak hartzeko prozesuek konpromiso partekatuak izan behar dute beti: Anaiak eta laikoak, elkarrekin misioan, Elizan eta munduan.
V. “Maristak Euskadi Fundazioa” Maristen Ibérica Probintziako ikastetxeen titulartasuna, zuzendaritza, animazioa eta kudeaketa bere gain hartzeko helburuarekin eratu da. Fundazioak zabalik uzten du beste zentro batzuk integratzeko aukera, baita beste erakunde marista batzuekin, hala nola elkarte eta federazioekin, lankidetzan aritzeko posibilitatea ere.
VI. “Maristak Euskadi Fundazioa”, Ibérica Probintzia maristak sustatu eta eratzen duena, etorkizunera begira proiektatzen da, bizi-bide gisa eta hezkuntza ebanjelizatzaile eta integralarekiko konpromiso bezala. Gaur egun, orainaldiarekin bat etorriz, hezkuntza maristak
- ikasten duten komunitateetatik hezten du, gizarte pluraletan, kulturartekoetan, demokratikoetan, inklusiboetan, ekologikoetan eta solidarioetan elkarrekin bizitzeko pertsonak prestatuz.
- egungo gizarteari eta etorkizuneko gizarteari hezkuntza-egitura irekia eta bidezkoa eskaintzen die, diskriminaziorik gabea, haur eta gazte guztien hezkuntzarako, kulturarako eta prestakuntzarako sarbidea errazten duena, batez ere sozialki ahulenak eta behartsuenak direnei, pertsonarekiko errespetutik abiatuta.
- berrikuntza pedagogikorako behar diren baliabideak ematen ditu, bere garaian Irakaskuntzako Anaia Maristen Institutua sortzeak ekarri zuen hezkuntza-ikuspegia egungo egoerara, lekuetara eta garaietara egokitzeko.
Alcalá de Henaresen, 2022ko azaroaren 18an.